HISTORIA Euskeraz

KANTUZ ABESBATZAREN HISTORIA

         Kantuz Abesbatza 1989ko amaiera aldera sortu zen Jaione Escuderoren eskutik; abesbatzako partaideen asmoa herrikoia izatea zenez, 1990eko Santa Ageda bezperan egin zuen bere lehen irteera.
  
         Helburuari eutsiz herriko kultur ekintzetan parte hartuz gabiltza urte hauetan (Herriko festak, Gabonak, Santa Zezilia, Santa Ageda, eta herriko beste zenbait eskaerari erantzunez...).

     1991urtean Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko partaide izateko erabakia hartu zuen. Honek zekartzan konpromisoak betetzen saiatu gara eta honen ondorio izan dira, hain zuzen, herritik kanpo eskainitako hainbat emanaldi.

          1993. urtean, Javier Zubimendik hartu zuen batutaren erreleboa 2003ko ekaina arte.

        Urte hartan Amaia Sasiainek hartu zuen erreleboa 2007ra arte, ordutik Igor Arroyok zuzentzen du gaur egun 40 baino gehiago ahots nahasiz osaturik dagoen abesbatza hau.

     Kantuz Abesbatzaren egitaraua mota desberdinetako kantek osatzen dute: euskal folklorea, nahiz beste lurraldeetakoa eta baita polifonia ere.

        Urte hauetan zehar Euskal Herriko hainbat lekuetan eskaini ditugu emanaldiak, Aragoira bisita ere egin dugularik. Kantuz Abesbatzak oroimen berezia gordetzen du Isidro Ansorena Jaunaren omenez antolatutako jaialdian, Andra Mari abesbatzarekin batera parte hartu baikenuen. Bestalde, Donostiako belodromoan ospatutako “Egunkaria Festan” bi aldiz hartu izan du parte eta 1997an Donostiako Artzai Onaren Katedralaren 100.urteurrena ospatzeko antolatu ziren kontzertuetako batean abestu zuen beste bi abesbatzekin batera.

        1994 urtean hasi eta urtero Gabon kanten jaialdi berezia antolatzen du, herriko beste abesbatza eta eskolak parte hartzera gonbidatuz.

        1995 urtea ez geroz, urtero Santa Zezilia egunean Hernaniko Txistulari Bandarekin emanaldi bat eskaintzen dugu herriari.

          1998. urtean, Vilassar de Dalteko (Bartzelona) Mareny Abesbatzarekin egindako elkartrukatzeari esker, herri hartan, Cabrils eta Montserrateko Basilikan abesteko aukera izan zuen. Urte berean, Anoetako estadioan, “Bai Euskarari” kanpaina barruan antolatutako jaialdian parte hartu zuen.

       1999an kultura arloan egindako lanari eskertuz, “Tolare”ak, sagardo naturalaren kofradiak, ohorezko kofrade izendatu zuen Kantuz Abesbatza.

       2001. urteko abuztuan, Hernaniko beste zenbait talde musikalekin batera, “Chillida-leku” museoan Donostiako Musika Hamabostaldiko hasiera kontzertu batean hartu zuen parte. Abenduan, berriz, Castresen (Frantzia) kantatzeko aukera izan zuen.

           2003. urteko apirilean Sant Celonyn (Bartzelona) izan zen, hango koralarekin egindako elkartrukeari esker. 

         2009. urteko neguan Euskal Telebistak eskaini zuen “Oh Happy Day” lehiaketan parte hartu zuen, Euskal herriko zenbait abesbatzenartean; oso esperientzia interesgarria izan zen.

        Urte horretan bertan, apirilean, eta abesbatza elkartruke batean, Italiako Vicenzako eskualdean bi emanaldi izan zituen bertako Libera Cantoria Pisani abesbatzaren eskutik.

           2010ean Barzelonako Cardedeu herriko Agrupació Coral Cardedeuncarekin elkartrukea egin zuen.

        2012. urteko maiatzean Kantuz Abesbatzak Iruña bisitatu zuen, peña Muthiko Alaiak Abesbatzarekin egindako elkartrukearen ordaina burutuz, non Kondestablearen jauregian abestu zuen.

          Zenbait urtetan, txandatuz, Andoain, Lasarte eta Hernani herrietan antolatzen diren “Topaketetan” ere parte harttu izan zuen.

         2015ean, abesbatzak 25. urteurrena ospatu zuen. Herriko abesbatzak gonbidatu zituen urte osoko kontzertutara: Kontzertu Sakroa, Santa Ageda, Kantuz Eguna… Eta urteko nagusiena, Mediterraneoan zehar egindako itsas bidaian emandakoa izan zen. Baina, dudarik gabe, urteko une hunkigarriena udaletxeko balkoitik herriko festetako hasiera eta amaiera ematea izan zen.

           Urte horren amaieran “Sagardoa Bidegile” dokumentalean parte hartu zuen irudia eta musika jarriaz.

          2017an “Gure esku dago” ekitaldian parte hartu du, demokraziaren festan ahalegin guztia eginez.

         Urte honetako Kontzertu Sakroan “gospel” musikarekin ausartu da, Dakapo Hernaniko musika eskolako abesbatzarekin batera, Musikeneko ikasleez osatutako jazz hirukote baten laguntzaz.

        Apirila bukaeran, Pornic-en (Frantzian) izan da, bertako “La Frégate” abesbatzak aurreko urtean Hernanin egindako bisita itzuliaz.

        Urtero ekainean Hernaniko Udalak eta bertako musikari eta abeslariak, San Joan jaietako iragarpena antolatu eta parte hartzen dute Kantuz Abesbatza barne delarik, aipatutako emanaldia jaietako ekintza arrakasta handia duen ekitaldia da.

Share by: